XVI. Ankulegi Jardunaldia (2013). Indarkeriaren eszenatokiak: indarkeriaren inguruko eztabaida etnografiko eta teorikoak.

Ankulegi Euskal Antropologia Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailak Ankulegi XVI. Antropologia Jardunaldia antolatu zuten. Ekitaldia 2013ko martxoaren 15ean (ostirala) ospatu zen Donostiako San Telmo Museoan.

«Foro honetan indarkeriaren gaia jorratuko da lehenbiziko aldiz. Hartu izan dituen adjektibo desberdinetatik (fundazionala, egiturazkoa, sinbolikoa, politikoa, morala, generokoa, egunerokoa…), gai horrek antropologiaren ardatz nagusiak gainditu ditu, eta gaur egun ere bere aztergai nagusietako bat izaten jarraitzen du. Gure ustez, auzi horren gaineko etnografiak eta eztabaida teorikoak Donostiara hurbiltzeak lagundu egiten digu modu originalean pentsatzeko indarkeria azaltzen den edo jarraitzen duen agertoki garaikideak, tokikoak zein nazioartekoak.

Antropologiak hainbat ikuspegitatik heldu dio indarkeriaren gaiari, eta agerian utzi du horren definizioa aldatu egiten dela gizarteen eta testuinguruen arabera. Mikro ikasketetatik hasi eta eskola handietako teoria orokorretaraino, gizabanakoek eta komunitateek indarkeria prozesu eta agertoki desberdinak gauzatzeko, sufritzeko edota horiei zentzua ematen saiatzeko modua etengabeko ikerketarako eta eztabaidarako arrazoia izan da gure diziplinan. Azken hamarkadetan, modernitatearen indarkeria fundazionalaren eta gerra eta indarkeriazko gatazka etniko, politiko edota erlijiosoen gaineko lanak nabarmentzen dira, bai eta indarkeria mota desberdinei buruzko analisiak ere, indarkeria sinbolikoa barne, horrek sorrarazten dituen erritualak eta irudikapenak ahaztu gabe. Berrikiago, ikuspuntua bideratu da sarraski masiboetara, biktimen erreparaziora eta haien esperientzia traumatikoaren irudikapen testuinguruetara, eta, aldi berean, trantsizio eta memoria prozesuei buruzko etnografiak zabaltzen dira diktadurak edo talde zibil armatuen eta Estatuaren arteko liskarrak jasan zituzten herrialdeetan. Gure testuinguru hurbilean, nabarmentzekoak dira Espainiako gerra zibilari eta euskal testuinguruan egungo bakegintza prozesuari buruzko ikerketak.

Ez da ahaztu behar hori guztia genero ikuspegitik ikertzeko aukera ere badagoela, indarkeria aztertuz bai etxeko eta eguneroko bizitzan, bai muturreko gerra eta gatazka egoeratan.

Indarkeriei eta gatazkei buruzko ikerketek agerian uzten dute antropologiak zer nolako potentziala duen indarkeria eta gatazka horien gauzatzea eta esanahiak aztertzeko. Indarkeria kontrol sozial eta politikorako mekanismo gisa interpretatzeak (alegia, status quo-a egituratzen eta erreproduzitzen laguntzen duten erakunde, eragile eta diskurtsoen ekoizle gisa interpretatzeak), indarkeria indar desegituratzaile eta erabat antisozial gisa ulertzen dutenekin kontrastatzen du. Bi mutur horien artean, honako galdera hauek egin daitezke: zeintzuk dira indarkeria sortzen eta mantentzen duten gizarte baldintzak eta egiturak? Nola aldatzen dute egunerokoa indarkeriazko gertakari horiek? Nola hausten eta birkokatzen dituzte familia eta auzo loturak? Epistemologiari, metodologiari eta etikari dagokienez, nola egin aurre indarkeria mota anitzen azterketa antropologikoari?»

Hemen deskarga ditzakezu egitaraua, kartela eta komunikazioen laburpenak.

Hemen argitaratua:

Ankulegi. Gizarte Antropologia Aldizkaria, 17. zk. (2013): Indarkeriaren antropologia

Jardunaldiko bideoa:

Violencia política: Laura Tejero Tabernero, María Carballo López, Susana Atxaerandio Alesanco y Caterina Canyelles Gamundi
Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV-EHU)
San Telmo Museoa = Museo de San Telmo