XXIV. Ankulegi Jardunaldia (2022). Inguruarekiko hurbilpen antropologiko berriak.

Ankulegi Euskal Herriko Antropologia Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailak antolatuta.

San Telmo Museoa, 2022ko martxoaren 11n.

Oraingo honetan, jardunaldia Ingurumen Antropologiako Sarearekin koordinatuta antolatu da. Sare horrek Ingurumen Antropologiako Nazioarteko III. Topaketa egin du Donostian, 2022ko martxoaren 11, 12 eta 13an.

«Covid-19k eragindako pandemiaren lehen konfinamenduan, kezka eta kontzientzia ekologikoa handituko zirela pentsatu zuen askok. Birusaren jatorriaren eta gizakiek ingurunarengan egindako presioaren arteko loturak ukaezinak ziruditen. Bestalde, mugikortasunaren eta produktibitatearen “sasi-paralizazioak” datu gordinak eskeini zizkigun: besteak beste, aspalditik ezezagunak ziren oso poluzio-maila baxuak. Aitzitik, konfinamenduaren irteerak egoera okerrera eraman zuen: distanzia bermatzeko eta kontaktua ekiditeko neurri gisa plastikoa, plastikoa eta plastikoa. Gauzak horrela, pandemia horrek lehenagotik zetorren krisia berretsi besterik ez du egin. Krisia ekologikoa da, baina baita soziala, ekonomikoa, zaintzetakoa eta ugalketakoa eta zibilizatorioa ere; krisi multidimentsionala, azken batean.

Nahiz eta antropologiak hamarkadak eraman “natura-kultura” dikotomia zalantzan jartzen eta birplanteatzen, azken urteotan, ingurumenaren auzia eta haren dimentsio eta alderdi ugari aztertzen duen literatura akademikoak garrantzi handia hartu du diziplinan: kontserbazioa, ingurumen-gobernantza, espezieen arteko harremanak, klima-aldaketa, antropozenoa eta haren eratorriak, kosmopolitikak, ontologiak eta/edo ekologi politikoak azken hamarkadan aztertzen ari diren gaietako batzuk dira. Gainera, larrialdi klimatikoarekiko kezka beste hurbilketa teoriko batzuekin batera garatzen ari da; esate baterako, ingurumen-kudeaketaren logika maskulinistei egiten ari zaion kritika feminista edota inguruarekiko queer hurbilketak. Azkenengo horiek funtsezkoak dira ingurunearekin dugun harremana ulertzeko eta azaltzeko.»

Hemen deskarga ditzakezu egitaraua eta kartela.

Jardunaldiko bideoa: