Ankulegi XV. Antropologia Jardunaldia (2012)

“Ahaidetasuna gizarte garaikideetan: Ikuspegi eta auzi berriak familiarteko harremanen azterketa antropologikoan”

Aurkezpena

Ankulegi Antropologia Elkarteak XV. jardunaldia egingo du 2012ko martxoaren 16an, ostirala, Donostiako San Telmo Museoan. Jardunaldia honako gai honen inguruan egingo da: “Ahaidetasuna gizarte garaikideetan: Ikuspegi eta auzi berriak familiarteko harremanen azterketa antropologikoan”.

Ankulegiren urteroko jardunaldien XV. edizioan, ahaidetasunaren gaia lantzea proposatzen dugu, foro honetan estreinakoz. Antropologiako gai klasiko bat da; gaur egun interes berria pizten duen gai bat, ikerketa-eremu berrietara bideratu baita.

Ahaidetasunari buruzko ikerketak sakon berraztertu dira azken hamarkadetan. Bai gizartearen eta politikaren alorreko aldaketak, bai balio-sistemetan eta genero-harremanetan gertatutako eraldatzeak direla eta, familia-loturak eta ahaidetasuna beste modu batera eratzen dira orain, eta zenbait kultura-kategoria birformulatu egin behar dira: hala, berriro definitu beharreko kontzeptuak dira familia, bikotea, amatasuna, aitatasuna, eta baita pertsona bera ere.

Erreprodukzio-teknologia berrien, lege-aldaketen, migrazioen eta nazioarteko adopzioen ondorioz, ahaidetasunari eta gurasotasunari buruzko teoria antropologikoak berraztertu egin behar izan ditugu, eta arazo eta galdera berriak sortu dira. Gaur egun, zein dira ahaidetasunaren alderdi sozialaren eta alderdi biologikoaren elkarguneak? Zer-nolako ondorioak dituzte familiak sortzeko esperientzia berri horiek gizartearen, etikaren eta politikaren alorrean? Adopzioari edo erreprodukzio-teknologiei buruz hausnartzeak zer-nolako ekarpena egiten du familiaren edo pertsonaren kontzeptu berri bat eratzeari begira? Ahaidetasun-loturaren zer-nolako ikuskera dago praktika horien guztien oinarrian?

Egitaraua eta kartela

Egitaraua ikusteko hemen klikatu.

Kartela ikusteko hemen klikatu.

Argitalpena

Aurkeztutako komunikazioak Ankulegi Gizarte Antropologia Aldizkaria – Revista de Antropología Social – Revue d’Ethnologie aldizkariaren 16. zenbakian argitaratzeko aukera izango da, artikulu gisa, eskatutako baldintza formalak eta kalitatea betez gero (ikus araudia). Jardunaldietako parte-hartzaileek aldizkarirako artikulu bat aurkeztu nahi badute, aldizkariaren helbide elektronikora <aldizkaria[at]ankulegi[punto]org> bidali behar dute lana, 2012ko martxoaren 15a baino lehen.

Ostatua eta informazio turistikoa

Turistei ostatu emateko eskaintza zabala du Donostiak. Informazio gehiago nahi izanez gero, begiratu ezazue Donostiako Udaleko Kultura eta Turismo Ekintzetxearen egoitza elektronikoa: http://www.sansebastianturismo.com.