Itzalitako kalabazen berpiztea (2018)

Altuna Ramírez, Jaime eta
Ozaita Azpiroz, Josu (2018)
Itzalitako kalabazen berpiztea. Arimen Gau, Halloween eta Gau Beltzaren haur-ospakizunen ikerketa etnografikoa
Bilbo, Udako Euskal Unibertsitatea, 192 or. ISBN: 978-84-8438-651-3.

Zer gertatzen da urriaren 31 iluntzean? Gau horren inguruan sortzen ari diren ospakizun berrienganako hurbilpena da honako liburu hau; Arimen Gaua, Halloween eta Gau Beltza izenekin burutzen diren jaietan barneratu gara Eibarko Udalak eta Udako Euskal Unibertsitateak 2015eko Juan San Martin Bekaren bidez garatutako ikerketa etnografiko honen bidez.

Liburuaren sarrera jaietan barnerapena da. Lau herritako jaien deskribapena. Haietan izan ginen behaketa egiten, eta guk bertan ikusi eta bizitakoa kontatzen dugu. Modu horretan, irakurlea jada egungo errealitatea eta jaien ezaugarrietan sartzen hasten da.

Festa zaharrek bizirik diraute hainbat ibarretan. Festa berriak sortu dira beste zenbait herritan, eta, sumatu dugunez, datozen urteetan gehiago sortuko dira erakargarritasun handiko elementuak biltzen dituen jaia baita: gozokiak, gaua, beldurra, kalabazak, mozorroak…

Haurrek kaleak hartzen dituzte urriaren 31ko arratsetan eta haien bizipen eta gogoetak bildu ditugu. Ospakizunetan haien ondoan izan gara eta haien ahotsak entzun nahi izan ditugu. Egungoa interesatzen zitzaigun, gaurkoa. Baina egungo egoera ulertzeko atzera bidaiatu beharra izan dugu, eta honela, adinekoei elkarrizketak egin dizkiegu ikerketa honetan. Aitona-amonekin egon gara, beraien haurtzaroaz hitz egiteko, eta hala, duela hamarkada batzuetako egunerokotasunean sartu gara nolabait. Bi haurtzaro aldi hauek ezagutzean, aldaketak deskribatzeko aukera izan dugu: heriotzaren inguruko bizipena aldatu da, haurren bizimodua eta egunerokotasuna erabat, eta baita jolasteko eta mundua ikusteko moduak. Haurtzaroak mugimenduan daude, eta honek tradizioa, heriotza bera eta jaien inguruan hausnartzeko parada bideratu digu, puntu hauek pisua hartu dutelarik lanean.

Harridura sortzen du gure aiton-amonak kalabazekin jolasten zirela jakiteak. Eta ohitura hau Euskal Herri osoan zegoen zabaldurik, batez ere landa eremuetan. Udazkeneko edozein iluntzetan, arbi, erremolatxa edo kalabazen garaian, jolas edo bihurrikeri moduan, bide bazterretan jartzen ziren. Ameriketako Halloween jaiaren ahotsak gure belarrietara iritsi aurretik, udazkeneko arratsalde ilunetan kalabaza arimadunek euskal herrietako txokoak argitzen baitzituzten.

Haurrak dira protagonista Gau Beltza, Arima Gaua, Txinurri edo Halloween ospakizunetan. Hala ere, ez dira aktore bakarrak. Aktore diogunean, ez gara pertsonez soilik ari. Gauzak ere aktore izan daitezke, eta badirudi jai honetan protagonismo berezia dutela haurrekin batera. Antropologian bada ildo bat pertsonez gain, inguratzen gaituzten gauzei ere arreta jartzen diona, eta guk ere, hori egin dugu jai hauek inguratzen dituzten hainbat elementu edo aktorekin: argia, mozorroa, goxokiak, kalabazak, soinuak…

Nahiz eta ikerketa izan, saiatu gara lan irakurterraza egiten. Gertuko moduan idatzia dago, eta etnografia edo gai honetan interesa duen edozeinek irakurtzeko modukoa da. Gaur egungo jaiak hobeto ulertzeko gakoak ematen ditugu; zenbait elementu mahai gainean jarri ditugu hausnartzen jarraitzeko.

Informazio gehiago eta salmenta

Related Entries