Ankulegi XXII. Antropologia Jardunaldia (2019)

Antropologia heriotzaren aurrean
Aurkezpena

Ankulegi elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailak Ankulegi XXII. Antropologia Jardunaldia antolatzen dute. Ekitaldia 2019ko apirilaren 12an (ostiralean) ospatuko da Donostiako San Telmo Museoan. Edizio berri honek ‘Antropologia heriotzaren aurrean’ du izenburua.

Heriotza garai eta gizarte guztietan presente dago. Hala ere, biologikoa eta soziala den edozein prozesuren antzera, testuinguru kultural eta historikoaren araberako agerpen anitz ditu. Ankulegi elkartearen XXII. Antropologia Jardunaldiak heriotza eta hari lotutako forma, irudikapen eta esanahiak izango ditu aztergai, eta San Telmo Museoak antolatuko duen “Heriotza. Ante la muerte” erakusketari lotuta egongo da. Nola egiten diogu aurre heriotzari? Nola agertzen zaigu eta nola ematen dugu horren berri? Zer forma hartzen dute hileta erritualek eta zeremoniek? Nolakoak dira egungo doluak eta osatze prozesuak? Zer harreman eraikitzen dira bizidun eta hildakoen artean? Nola agurtzen eta nola gogoratzen ditugu hildakoak? Zein da haien gizarte presentzia (sinbolikoa, jaien bidezkoa, espirituala…)? Zer espazio eta arkitektura motak eraiki eta erabiltzen ditugu oroitzapen eta gurtzarako?

Bestalde, askotarikoak dira hiltzeko prozesuak eta, eurekin batera, prozesu horietan zehar burutzen ditugun ekintzak eta hartzen ditugun erabakiak. Gaixotasun edo istripu heriotzez gain, suizidioek, eragindako heriotzek, eutanasiak eta gaixotasun terminalen tratamenduek hausnarketa antropologikoa eta etikorako esparru zabal bat ireki eta osatzen dute, hainbat arloen arteko elkarrizketa ezinbesteko bihurtuz: legea, erlijioa, medikuntza, bioetika, zuzenbidea…

Halaber, ikuspegi biopolitikoak eta indarkeriaren, gerraren eta genozidioen ikerketek, nekro-tanato-politikoa bihurtu zaigun egungo errealitateari buruzko hainbat hausnarketa etiko-politiko eta epistemikoak eskaintzen dizkigute. Mundu osoan zehar dauden hobi komunek, itsasoan itotako milaka pertsonen heriotza ukatuek, gerra edo feminizidioak hildako guztiek, heriotzaren inguruko bestelako prozesu, bizipen eta ekintzak eragin dituzte. Testuinguru ezberdinetan eragindako bortxa heriotzek eta desagerpenek erritu propioak sorrarazi dituzte, eta justizia, aitortza eta erreparaziorako borroka anitzi bidea ireki diete.


Proposamenak

Gai horien inguruan hausnartzeko asmoz, Ankulegitik dei egiten dugu jardunaldi honetan heriotza eta haren agerpen soziala lantzen duten komunikazioak aurkeztera, izan aipatu ikuspegietatik zein posible diren beste hainbatetik, ikerketa eremu honetako egite etnografiko eta hausnarketa metodologikoak lantzen dituztenak barne.

Proposamenak euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez bidali behar dira, 2019ko urtarrilaren 22a baino lehen, ondorengo helbide elektroniko honetara: <ankulegi2019[a bildua]gmail[puntu]com>. Proposamenek honako atalak izan behar dituzte:

  • Formatua: komunikazioa, posterra, tailerra, ikus-entzunezkoa edo besteren bat.
  • Izenburua: izenburu nagusia eta azpititulua, hala badagokio.
  • Egilea: izen-abizenak, helbide elektronikoa, diziplina eta jatorri instituzionala.
  • Deskribapen laburra: proposamenaren ideia nagusiari buruzko sinopsia. Komunikabideetan jardunaldia zabaltzeko erabiliko da. Gehienez, 30 hitz.
  • Deskribapen luzea: proposamenaren helburu, metodo eta inplikazioen deskribapen zehatza. Proposamena ebaluatzeko balio izango du eta, horrela badagokio, jardunaldiaren web-gunean zabalduko da, egitarauarekin batera. Gomendatutako luzera 150-200 hitzekoa da.
  • Hitz gakoak: 2-3 hitz bakarrik.

Otsailaren hasieran, proposamenen egileekin harremanetan jarriko gara, onartuak edo baztertuak izan diren jakinarazteko.


Argitalpena

Aurreko urteetan bezala, 2019aren zehar, Ankulegi elkartearen aldizkariak zenbaki monografiko bat argitaratuko du, jardunaldian landutako gai berberaren ingurukoa. Jardunaldian komunikazioak aurkeztuko dituzten egileak artikuluak 2019ko martxoaren 31a baino lehen bidaltzera animatzen ditugu, argitaratuko baititugu baldin eta kontseilu zientifikoaren betebehar formalak eta kalitatezkoak (ikus araudia) betetzen badituzte, peer review prozesua pasa ondoren. Arauak betetzen dituzten testuak bakarrik aztertuko dira.


Bidaia eta ostatua

Donostia Turismoa & Convention Bureau-k hirira nola iritsi eta bertan non lo egiteari buruzko argibide zabala eskaintzen du.


Antolatzaileak
Ankulegi Antropologia Elkartea Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

Partaideak
San Telmo Museoa Donostia Kultura