Ankulegi XXI. Antropologia Jardunaldia (2018)

Soinuak, zaratak, musikak: antropologia eta sonoritatea

stEgitaraua (pdf, 3,4 Mb) Kartela (jpg, 989 kb) Deialdia (pdf, 358 kb) 

Aurkezpena
Ankulegi XXI. Antropologia Jardunaldia (2018)

Ankulegi XXI. Antropologia Jardunaldia (2018)

Ankulegi Antropologia Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailak Ankulegi XXI. Antropologia Jardunaldia antolatzen dute. Ekitaldia 2018ko martxoaren 9an (ostiralean) ospatuko da Donostiako San Telmo Museoan.

Jardunaldien edizio berri honetan antropologia eta sonoritatea jorratuko dugu. Mendebaldeko kulturaren testuinguruan lehenetsi eta gailendu dira testuala dena, ikusmena eta begirada, besteekin erlazionatu eta besteak ezagutzeko bide bezala, bestelako pertzepziogaitasunak bigarren mailan utzita, esparru akademikoan zein jardun antropologikoan oro har. Alabaina, “giro sentsoriala” deitu denak arreta jarri du zentzumenetan, emozioetan eta gorputzetan, eta, horrenbestez, zentzumenak modu zabalagoan lantzeko bidea ireki du, bai tresna metodologiko moduan, bai informazio iturri edo ikerketa objektu moduan.

Entzumenaren eta sonoritatearen inguruan gogoeta egin nahi dugu, antropologiarekin dituzten askotariko erlazioen ikuspegitik: etnomusikologia; musika gizarteen lengoaia, fusio edota sinbolo gisa; soinu-etnografia eta zarataren analisian oinarrituriko hiriaren zein landa eremuaren ikerketa; identitateak eta memoriak sonoritatearekin duten erlazioa; iturri akustikoen erabilpenaren inguruko gogoeta; etab.

Proposamenak

Proposamenak euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez bidali behar dira, 2018ko urtarrilaren 15a baino lehen, ondorengo helbide elektroniko honetara: <ankulegi2018[a bildua]gmail[puntu]com>. Proposamenek honako atalak izan behar dituzte:

  • Proposamen-mota: komunikazioa, posterra, tailerra, ikus-entzunezkoa edo beste formaturen bat.
  • Izenburua: izenburu nagusia eta azpititulua, hala badagokio.
  • Egilea: izen-abizenak, helbide elektronikoa, diziplina eta jatorri instituzionala.
  • Deskribapen laburra: proposamenaren ideia nagusiari buruzko sinopsia. Komunikabideetan jardunaldia zabaltzeko erabiliko da. Gehienez, 30 hitz.
  • Deskribapen luzea: proposamenaren helburu, metodo eta inplikazioen deskribapen zehatza. Proposamena ebaluatzeko balio izango du eta, horrela badagokio, jardunaldiaren web-gunean zabalduko da, egitarauarekin batera. Gomendatutako luzera 150-200 hitzekoa da.
  • Hitz gakoak: 2-3 hitz bakarrik.

Urtarrilaren amaieran, proposamenen egileekin harremanetan jarriko gara, onartuak edo baztertuak izan diren jakinarazteko.

Argitalpena

2018aren zehar, Ankulegi Elkartearen aldizkariak zenbaki monografiko bat argitaratuko du, jardunaldian landutako gai berberaren ingurukoa. Jardunaldian komunikazioak aurkeztuko dituzten egileak artikuluak apirilaren 1a baino lehen bidaltzera animatzen ditugu, argitaratuko baititugu baldin eta kontseilu zientifikoaren betebehar formalak eta kalitatezkoak (ikus araudia) betetzen badituzte, peer review prozesua pasa ondoren. Arauak betetzen dituzten testuak bakarrik aztertuko dira.

Bidaia eta ostatua

Donostia Turismoa & Convention Bureau-k hirira nola iritsi eta bertan non lo egiteari buruzko argibide zabala eskaintzen du.

Antolatzaileak
Ankulegi Antropologia Elkartea Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)
Partaideak
San Telmo Museoa Donostia Kultura