Ankulegi XX. Antropologia Jardunaldia (2017)

Materialtasunaren antropologiak

Egitaraua (pdf, 2,3 Mb) Kartela (jpg, 179 kb)

Aurkezpena

XX. Ankulegi Antropologia Jardunaldia (Donostia, 2017ko martxoaren 10ean)

Ankulegi Antropologia Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailak Ankulegi XX. Antropologia Jardunaldia antolatzen dute. Ekitaldia 2017ko martxoaren 10ean (ostiralean) ospatuko da Donostiako San Telmo Museoan.

Jardunaldien edizio berri honetan antropologiaren materialtasuna edo materialtasunaren antropologiak jorratuko ditugu. Antropologia betidanik arduratu da modu nahiko zehaztugabean “gauza” izendatutako horiez, gizarte ezberdinen garapen teknologikoaren araberako lehen sailkapenetatik, salerosgaiak edo birusak ekoizten dituzten ildo eta muntaia sozialak trazatzeko ahalegina egiten duten azken etnografietaraino. Giza-subjektibotasunetik kanpokotzat hartutako eta, halere, forma ematen dion guztia. Ekografia batek soziala den horrekiko sarbidea ematen digu, mundura irten baino askoz lehenago. Eta, egiten dugunean, bizitzaren bidea irekiko digute gazek, kutunek, kremek, injekzioek edota belarritakoek; bizitza horren ibilbidea tresna jakin batzuk eskura izatearen edo ez izatearen guztiz baitakoa izango da, tresna horiek gure indibiduazio-prozesuak, pertsonalak zein kolektiboak, markatuko baitituzte. Baina ez ditugu soilik objektuak eta kultura materiala jorratu nahi jardunaldian; hain zuzen ere, materialtasuna antropologian edo materialtasunaren antropologiak landu nahi dituen jardunaldi honetan. Proposamenak hainbat gairen ingurukoak izan daitezke: osagaiak, giza-fluxuak, substantziak, inguru organikoak, elementu geografikoak, elementu astronomikoak, prototipo industrialak, indar edo egoera fisikoak, baita mamuak, espirituak, gaixotasunak, teknikak, ohiturak, legeak edota kontzeptuak ere.
Antropologiak zenbait urte daramatza kezkati, dikotomia batzuk kolapsatzeko; esate baterako, erreferentea-esanahia, materia-espiritua, biologikoa-soziala, naturala-artifiziala, fikzioa- errealitatea edo kontzeptua-gauza. Ildo horretatik, jardunaldiaren gonbita ez da “gauza” zehatz batzuei buruzkoa, “gauzak” —euren konkretutasunean, presentzian eta materialtasunean— protagonistatzat hartzeari buruzkoa baizik, ikerketa antropologikorako agertoki berriak arakatzeko eredu baliagarri moduan.

Proposamenak

Deialdia (pdf, 410 kb)

Proposamenak euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez bidali behar dira, 2017ko urtarrilaren 10a baino lehen, ondorengo helbide elektroniko honetara: <ankulegi2017[a bildua]gmail[puntu]com>. Proposamenek honako atalak izan behar dituzte:

  • Proposamen-mota: komunikazioa, posterra, tailerra, ikus-entzunezkoa edo beste formaturen bat.
  • Izenburua: izenburu nagusia eta azpititulua, hala badagokio.
  • Egilea: izen-abizenak, helbide elektronikoa, diziplina eta filiazio instituzionala.
  • Deskribapen laburra: proposamenaren ideia nagusiari buruzko sinopsia. Komunikabideetan Jardunaldia zabaltzeko erabiliko da. Gehienez, 30 hitz.
  • Deskribapen luzea: proposamenaren helburu, metodo eta inplikazioen deskribapen zehatza. Proposamena ebaluatzeko balio izango du eta, horrela badagokio, Jardunaldiaren web-gunean zabalduko da, egitarauarekin batera. Gomendatutako luzera 150-200 hitzekoa da.
  • Hitz gakoak: 2-3 hitz bakarrik.

Urtarrilaren amaieran, proposamenen egileekin harremanetan jarriko gara, onartuak edo baztertuak izan diren jakinarazteko.

Argitalpena

Ankulegi Elkartearen aldizkariak zenbaki monografiko bat argitaratuko du, jardunaldian landutako gai berberaren inguruan. Jardunaldian komunikazioak aurkeztuko dituzten egileak artikuluak bidaltzera animatzen ditugu, argitaratuko baititugu baldin eta kontseilu zientifikoaren betebehar formalak eta kalitatezkoak (ikus araudia) betetzen badituzte, peer review prozesua pasa ondoren.

Bidaia eta ostatua

Donostia Turismoa & Convention Bureau-k hirira nola iritsi eta bertan non ostatzeari buruzko argibide zabala eskaintzen du.

Antolatzaileak
Ankulegi Antropologia Elkartea Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)
Partaideak
San Telmo Museoa
Donostiako Udala Donostia Kultura