2019/02/09
Ankulegi gizarte/kultur antropologia aldizkariak 23. zenbakia argitaratuko du 2019an. Hori dela eta, artikulu zein liburu aipamenak aurkezteko gonbidatu nahi zaituzte.
Ondoko idazkiak aurkez ditzakezue:
- Monografiko atalerako artikuluak, heriotzaren ingurukoak.
- ‘Kolaborazioak’ atalerako artikuluak, gai askekoak.
- Gizarte/kultur antropologiaren inguruko liburu aipamenak, duela gutxikoak eta edozein gairen ingurukoak.
Epea zabalik dago urte osoan, baina 2019ko martxoaren 31a baino lehen aurkeztea gomendatzen da. Argitaratzeko arauak bete dituzten idazkiak baino ez dira ebaluatuko. Kontsulta edota proposamenak bidaltzeko, <aldizkaria[a]ankulegi[.]org> helbideari jo dezakezue.
Monografikoa: “Heriotza”
Heriotza garai eta gizarte guztietan presente dago. Hala ere, biologikoa eta soziala den edozein prozesuren antzera, testuinguru kultural eta historikoaren araberako agerpen anitz ditu. Nola egiten diogu aurre heriotzari? Nola agertzen zaigu eta nola ematen dugu horren berri? Zer forma hartzen dute hileta erritualek eta zeremoniek? Nolakoak dira egungo doluak eta osatze prozesuak? Zer harreman eraikitzen dira bizidun eta hildakoen artean? Nola agurtzen eta nola gogoratzen ditugu hildakoak? Zein da haien gizarte presentzia (sinbolikoa, jaien bidezkoa, espirituala…)? Zer espazio eta arkitektura motak eraiki eta erabiltzen ditugu oroitzapen eta gurtzarako?
Bestalde, askotarikoak dira hiltzeko prozesuak eta, eurekin batera, prozesu horietan zehar burutzen ditugun ekintzak eta hartzen ditugun erabakiak. Gaixotasun edo istripu heriotzez gain, suizidioek, eragindako heriotzek, eutanasiak eta gaixotasun terminalen tratamenduek hausnarketa antropologikoa eta etikorako esparru zabal bat ireki eta osatzen dute, hainbat arloen arteko elkarrizketa ezinbesteko bihurtuz: legea, erlijioa, medikuntza, bioetika, zuzenbidea…
Halaber, ikuspegi biopolitikoak eta indarkeriaren, gerraren eta genozidioen ikerketek, nekro-tanato-politikoa bihurtu zaigun egungo errealitateari buruzko hainbat hausnarketa etiko-politiko eta epistemikoak eskaintzen dizkigute. Mundu osoan zehar dauden hobi komunek, itsasoan itotako milaka pertsonen heriotza ukatuek, gerra edo feminizidioak hildako guztiek, heriotzaren inguruko bestelako prozesu, bizipen eta ekintzak eragin dituzte. Testuinguru ezberdinetan eragindako bortxa heriotzek eta desagerpenek erritu propioak sorrarazi dituzte, eta justizia, aitortza eta erreparaziorako borroka anitzi bidea ireki diete.