XII. Ankulegi Jardunaldia (2019). Antropologia heriotzaren aurrean.

Ankulegi Antropologia Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailak Ankulegi XXII. Antropologia Jardunaldia antolatu zuten. Ekitaldia 2019ko apirilaren 12an (ostirala) ospatu zen Donostiako San Telmo Museoan. Edizio berri horretan heriotza jorratu genuen.

«Heriotza garai eta gizarte guztietan presente dago. Hala ere, biologikoa eta soziala den edozein prozesuren antzera, testuinguru kultural eta historikoaren araberako agerpen anitz ditu. Ankulegi elkartearen XXII. Antropologia Jardunaldiak heriotza eta hari lotutako forma, irudikapen eta esanahiak izango ditu aztergai, eta San Telmo Museoak antolatuko duen “Heriotza. Ante la muerte” erakusketari lotuta egongo da. Nola egiten diogu aurre heriotzari? Nola agertzen zaigu eta nola ematen dugu horren berri? Zer forma hartzen dute hileta erritualek eta zeremoniek? Nolakoak dira egungo doluak eta osatze prozesuak? Zer harreman eraikitzen dira bizidun eta hildakoen artean? Nola agurtzen eta nola gogoratzen ditugu hildakoak? Zein da haien gizarte presentzia (sinbolikoa, jaien bidezkoa, espirituala…)? Zer espazio eta arkitektura motak eraiki eta erabiltzen ditugu oroitzapen eta gurtzarako?

Bestalde, askotarikoak dira hiltzeko prozesuak eta, eurekin batera, prozesu horietan zehar burutzen ditugun ekintzak eta hartzen ditugun erabakiak. Gaixotasun edo istripu heriotzez gain, suizidioek, eragindako heriotzek, eutanasiak eta gaixotasun terminalen tratamenduek hausnarketa antropologikoa eta etikorako esparru zabal bat ireki eta osatzen dute, hainbat arloen arteko elkarrizketa ezinbesteko bihurtuz: legea, erlijioa, medikuntza, bioetika, zuzenbidea…

Halaber, ikuspegi biopolitikoak eta indarkeriaren, gerraren eta genozidioen ikerketek, nekro-tanato-politikoa bihurtu zaigun egungo errealitateari buruzko hainbat hausnarketa etiko-politiko eta epistemikoak eskaintzen dizkigute. Mundu osoan zehar dauden hobi komunek, itsasoan itotako milaka pertsonen heriotza ukatuek, gerra edo feminizidioak hildako guztiek, heriotzaren inguruko bestelako prozesu, bizipen eta ekintzak eragin dituzte. Testuinguru ezberdinetan eragindako bortxa heriotzek eta desagerpenek erritu propioak sorrarazi dituzte, eta justizia, aitortza eta erreparaziorako borroka anitzi bidea ireki diete.»

Hemen deskarga ditzakezu egitaraua, kartela eta call for papers.

Hemen argitaratua:

Ankulegi. Gizarte Antropologia Aldizkaria, 23. zk. (2022): Heriotzaren antropologia

Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV-EHU)
San Telmo Museoa = Museo de San Telmo