Kartzela genero-erakunde bezala (2017)

Ruiz Torrado, Maria (2017) Kartzela genero-erakunde bezala: bereizkeriak, erresistentziak eta agentzia Euskal Herrian espetxeratutako emakumeen artean
Bilbo, Udako Euskal Unibertsitatea, 322. or. ISBN: 978-84-8438-640-7.

Liburu hau egilearen doktore-tesiaren bertsio moldatu eta berridatzia da. Bertan, Hego Euskal Herrian kartzelatutako emakume preso sozialen errealitatearen berri ematen da, abiapuntu hartuta genero-azterketarik gabe ezin dela espetxe-sistema sakon ulertu. Alde batetik, genero-eredu hegemonikoen kausaz, emakumeek eta gizonek ezberdin bizi dute giltzaperatzea; eta, beste aldetik, kartzela-sistema guztiz sexista, androzentrikoa bezain diskriminatzailea da, genero-rol tradizionalak eta erlazio hierarkikoak indartuta.

Lana bi atal handitan banatuta dago. Lehenengoan, ‘Espetxeratutako emakumeei begira: ekarpen teoriko antropologikoak eta feministak’ izenekoan, ikerketaren marko teorikoa dago, bost kapitulutan antolatuta. Lehenbizikoan, emakumeen delituak, estigmatizatzea eta gaur egungo marko penala lantzen dira. Bigarrenean, kartzela-sistemaren oinarrietan barrentzen da. Segidan, hirugarren kapituluan, emakumeen giltzapetze penala jorratzen da, bilakaera historikoa eta egungo egoera uztartuta. Laugarrenean, emakume atxiloen arteko ezberdintasunei heltzen zaie. Bosgarrenean, erresistentzia-praktiketara hurbilpena egiten da.

Bigarren atalean, aldiz, ‘Espetxeratutako emakumeekin solasean: azalpen eta gogoeta enpirikoak’ izenekoan, analisiari ekiten zaio beste bost kapitulu baliatuta. Lehenengoan, ikerketan elkarrizketatutako emakume presoen ibilbideak jorratzen dira, kartzela bizi eta baloratzeko askotariko moduetan sakonduz. Bigarrenean, espetxeko genero-bereizkerien inguruko iritziak lantzen dira, ikuspegi ezberdinak hartuta. Jarraian, emakume presoen erresistentzia-praktikak bihitzen dira: hirugarren atalburuan, kartzelako hartu-emanekin loturikoak aztertzen dira; laugarrenean, espetxe-itxialdiaren zurruntasuna nola edo hala arintzeko balio duten ekintzei heltzen zaie; eta, azkenekoan, sormenean eta adierazpen-moduetan barrentzen da.

Liburu honek, beraz, presondegien baitako genero-zapalkuntza jorratzen du; baina, era berean, aztergaitzat ditu egoerari nolabait aurre egiteko emakume atxiloek gauzatutako eginahalak ere —horien nolakotasuna zeinahi ere izan—. Ikuspegi biktimizatzaileak nahiz kriminalizatzaileak baztertu nahi ditu, emakume presoak baliozko solaskidetzat hartuta. Azken finean, baliagarri izan nahi du emakume kartzelatuei buruzko bestelako iruditeria sortzeko, errespetua eta errekonozimendua funts izanda; baita euren nondik norakoen jakintzan sakontzeko ere, aktore sozialak euren bizitzen protagonista bezala hartuta —nahiz eta, batzuetan, ekintzarako aukerak murrizten dituzten egoeratan egon—.

Egilea

Informazio gehiago eta salmenta
Related Entries