Festak, genero-harremanak eta feminismoa (2016)

Guilló Arakistain, Miren (koord.) (2016) Festak, genero-harremanak eta feminismoa. Begirada teoriko eta antropologikoak, praktika sortzaileak eta plazeraren kudeaketa kolektiboak
Bilbo, Udako Euskal Unibertsitatea, 314. or. ISBN: 978-84-8438-607-0.

Festak egitate sozial osoa dira, eta kultur-sistemen- adierazpen ahaltsua. Jendarte, herri, edota komunitate jakin baten ezaugarri guztiak islatzen, uztartzen eta gurutzatzen dira berauetan, baita mundu ikuskera eta proiektu sozial askotarikoak ere. Hala, festak analisi eta gogoetarako pribilegiozko leku bilakatzen dira: bizimodu sozialak eta norbanakoen bizitzak egituratzeko moduen berri ematen digute, baita jendarte horren eraldaketarako eta disidentziarako estrategien berri ere. Analisi aukera hori baliatuz, liburu honek festak genero-ikuspegitik aztertzeko zenbait gako proposatzen ditu.

Jai-eredua ikergai duen analisi sozialerako bilduma honek subjektu, eragile eta begirada desberdinak jarri ditu elkarrizketan; eta beraz, jakintza sortzeko eremu, adierazpide eta abiapuntu askotarikoak uztartzen dira bertan. Halaber, proposamen desberdinen gibelean festaren ulerkera dinamiko eta konplexu bat aurkituko du irakurleak, begirada egituran, aldaeretan eta agentzian paratuz.

Liburuak bost atal ditu. Lehen atalean festak aztertzeko antropologia feministatik proposatzen diren zenbait ainguraketari heltzen zaie, genero-sistema eta berauen teoria aztertuz. Bigarren atalak, tradiziozko erritoen karietara sortutako hiru genero-gatazken nondik norakoak jasotzen ditu: Donostiako Danborrada, Irun eta Hondarribiako alardeak eta Baztango mutil-dantzak. Hirugarrenak kultur-egitarauen analisiak ditu hizpide, antolatzaile eta sortzaile ezberdinen gogoetak uztartuz. Laugarren atalean, parte-hartze, antolakuntza eta festa-ereduei erreparatu bidean zenbait prozesu eta gogoeta aurkezten dira. Bostgarren atalean, azkenik, zenbait talde feministek euren begirada eta ibilbideen gogoetak idatzi dituzte.

Indarkeriaz harago emakumeak festarekin erlazionatzeko bestelako moduak irudikatuz, festa-politika feministetan sakondu dute egileek. Honela, bilduman zehar plazeraren esanahiak birpentsatu dira, eta plazer-prozesu nahiz plazeraren kudeaketa kolektiboei erreparatu zaie. Finean, festaren teoria bat proposatzen du liburuak.

Koordinatzailea

Informazio gehiago eta salmenta
Related Entries