
Antropologiaren XI. Kongresua balio anitzeko ekitaldi gisa proposatzen dugu. Pentsamendua eta praktika uztartuz ekitaldiak arazoak, garaiak eta lekuak erabiliko ditu gure garaiko sintesi adierazkor gisa. Helburu horri begira hiru hurbilbide hauek jorratuko ditugu: kritika, hausnarketa eta praktika. Hurbilbide kritikoa aztertuko dugu, antropologiak duen moldatzeko gaitasunaren argira, ekintza soziala jasotzeko, aztertzeko eta interpretatzeko. Diziplinen arteko hausnarketa egingo dugu, antropologiak metatu duen jakintzan oinarrituta. Hurbilketa etnografiko eta teorikokoek sortutako proposamenetan datzan praktika jorratzeko asmoa dugu.
Gaurko antropologiaren helburua da alderdi sendoak badituela azaltzea eta proposamen kritikoak egitea, ahuleziak gainditzeko. Kongresuak foro irekia izan nahi du, asmo eta hurbilketa askotako adierazpenek debatea eragin dezaten. Horretarako eskenatoki asko eskainiko dira diziplinarentzat funtsezkoak diren eremuetan aurrera pausoak bideratzeko eta interpretazio berriak behar dituzten eremuetan pentsatzeko. Hala, aldaketa garaietan, pentsatzeko eta esku hartzeko erreferente izango dira. Gertuko eta urrutiko arazoen egungo konplexutasunak premiazkoak ditu irudimena eta sormena. Horiek, antropologiaren tradizio teoriko eta metodologiko trinkoak baliatuz, eremu berriak zabalduko dituzte, aztertzeko, ikertzeko eta lan egiteko.
Diziplinen arteko eremura hurbiltzea balio gisa sortu da, arazoak eta esku hartzeak erkatzea bideratzeko teorian zein praktikan. Horrek jakintza antropologikoan aurrera joatea eskatzen du beste diziplina batzuetako ekarpenen eskutik, antropologia bera ahuldu gabe. Estrategia nekeza da. Hor erakusten digu etnografiak antropologiaren tresna ahaltsua eta errotua dela, batez ere, diziplinen arteko hurbilketan gaurko problematikei sarbidea ematea planteatzen denean. Globalizazioaren zamak agerian utzi du tokian tokikoa eta globala artikulatu beharra dagoela, bai zuzeneko eraginetan bai globalizazioaren interpretazioen erabileran, atzean duen ideologia bitarra auzitan jarriz. Hala ere, tradizio etnografikoaren ikuspuntu zabal eta anitzetik egiten den azaleko hausnarketak argi erakusten du lokala eta globala etengabe daudela presente errealitate soziokulturalean. Hortik dator etnografiaren alorren gaineko gogoetak duen garrantzia, gure garaiko zeinuen argitan.
Erronka bihurtu da antropologia praktikaren eremura eramateko presa, beste gai batzuetan bezala, eta horrek diziplinaren oraingo egoerarekin zuzeneko lotura du, eremu akademikoaren baitan nahiz kanpoan. Erronka horrek hainbat helburu ditu: antropologiak sendo hausnartu dituen eremuetako interbentzioak; garrantzi txikiagorik ez duten eremuak, geroago jorratu dituen arren; desberdintasunen adierazle berriak aurkitzea, zein agindu eta tradizio kulturaletan oinarrituta, bat ez datozen giza eskubideekin, eta ez eta gizartearen eskaera eta premia berriekin ere; lekuz aldatu diren identitateak azaleratzea eta analizatzea; aztertzeko alor berriak definitzea, etengabe azaleratzen ari dena ezagutu ahal izateko. Kongresuak ateak zabalduko dizkie hurbilketa metodologiko berriei, tradizio etnografikoa jaso eta modu berriak eskaintzen dituztenei hain zuzen; hartara, kualitatiboa eta kuantitatiboa, bisuala, birtuala eta materiala artikulatzen duten bitartean, antropologiaren zerumuga zabaldu, lagundu eta kolokan jarriko dute, etenik ez duen orainaren etorkizunean kokatzeko.
XI. Kongresua, hasiera batean, elkartzeko, eztabaidatzeko eta ikuspuntua zabaltzeko tokia izango da. Hala, bideratu egingo ditu XXI. mendearen lehenengo hamarkadako errealitate konplexu eta ezberdinei buruzko zenbait debate, jakintza antropologikoak sustraitzeko eta sustraietatik askatzeko duen gaitasunetik abiatuta.