burua
ESPAÑOL  |  EUSKARA
titulo

Antropologiaren XI. Kongresua
Erronka teorikoak eta praktika berriak
Donostia. 2008ko irailaren 10-13
Espainiako Estatuko Antropologia Elkarteen Federazioa.

albisteak

Emakumea eta boterearen problematika eztabaidagai Antropologiaren XI. Kongresuan

Dolors Comas, Marcela Lagarde eta Teresa del Valle

‘Teoría antropológica y prácticas de poder’ izeneko lehenengo oso bilkurak ireki du Antropologiaren XI. Kongresuaren bigarren eguna, UPV/EHUko katedradun emeritu Teresa del Valle, Mexikoko Unibertsitate Autonomoko Antropologian doktorea den Marcela Lagarde eta Rovira i Virgili Unibertsitateko katedradun Dolors Comas hizlarien parte hartzearekin. Egindako ikerketen emaitzak eta lan-esperientzia propioak uztartuz, emakumeek egun bizi duten egoera landu dute, boterearen, indarkeriaren eta komunikabideen ikuspegitik.



Antropologiaren XI. Kongresuak, Estatu Espainiarreko Antropologiako Elkarteen Federazioak (F.A.A.E.E.) deitua eta Ankulegi Antropologia Elkarteak antolatuta UPV/EHUren laguntzarekin, ospe handiko hizlariak bildu ditu bigarren jardunaldian. Kongresuko lehendakari Teresa del Valle izan da horietako bat, La cultura del poder desde y hacia las mujeres izenburupeko hitzaldiarekin. Gaurkoan, boterean, eremu politikoan, enpresa munduan eta akademikoan emakumeen eta gizonezkoen artean desberdintasunak zergatik sortzen diren aztertu du adituak.

Antropologoak kritika feministak errealitate hau aldatzeko eta boterea ulertzeko modu berri bat eraikitzeko egin duen esfortzua azaldu du. Honela, boterea besteak dominatzeko instrumentu izatetik berdintasunean elkar erlazionatzeko aukera ematen duen jabekuntza (“empoderamiento”) espazio izatera pasa behar duela adierazi du.

Horrez gain, emakumearen ikuspegia ere aldatu dela azpimarratu du hitzaldian. Dirudienez, emakumea biktima bezala ikustetik eta egoera hau orokortzetik, arrakasta duten emakumeak soilik ikustaraztera pasa da gizartea, errealitatearekin bat ez datorren irudi bat zabalduz. Zentzu horretan, eliteetan dauden emakumeak sakonki aztertu ditu Del Vallek, botere politikoa edo profesionala kostu altu batekin edota egoera berean dagoen gizon batek baino onura gutxiagorekin lortu duten emakume horiek. Hizlariaren arabera, egoera berean dauden gizon eta emakumeen arteko desberdintasunek boterea bakar batzuen eskura egotea eta ondasun urria eta kontrolatua izatea dakar.

Desberdintasunak daude, baita ere, ardura handiko karguetan lan egiten duten emakumeek boterea ezartzeko dituzten estiloak onartzeko orduan. Izan ere, egungo gizarteak positibotzat baloratzen du “emakumezkoenak” diren jarrerak erabiliz boterea lortzen eta ezartzen dituzten emakumeak, baina “gizonezkoenak” diren moduak erabiltzen dituztenak, ordea, zigortu egiten ditu eta aipua kendu.

Aholkulari eta babesleen bitartez ezagutza eta boterea transmititzeak duen garrantziaz ere hitz egin du Del Vallek. Benetako boterea batak besteari transmititzen diona da, partekatzen dena, ez norbaitek eman digulako soilik ezartzen dena. Honela, hizlariaren arabera, hautsi egin behar da boterearen praktikak berezko erreferente maskulinoa duela defendatzen duen ustea, berau sortzen duten oinarriak eta estrategiak argitu eta berekin bukatzeko.

Emakumearen gaiaren ildotik, komunikabideen ikuspegia eta analisia gehitu du Dolors Comasek, Construyendo imaginarios, identidades, comunidades: el papel de los medios de comunicación hitzaldian. Komunikabideek gizartean duten funtzioari helduz, ikusleek horiez egiten duten erabilera eta erabilera honen testuingurua aztertu ditu batetik, eta komunikabideek gizartean eta sistema politiko eta ekonomikoetan duten oinarria, bestetik.

Esparru teoriko horretatik abiatuta, kritikoki aztertu du komunikabideek gizarte integrazioan duten papera, emakumeei eta inmigranteei ematen dieten tratamenduan zentratuz. Honela, talde hegemonikoek komunikabideetan gehiegizko presentzia dutela ondorioztatu du, eta emakumeek eta inmigratu behar izan dutenek, ordea, oso espazio gutxi lortzen dutela. Estereotipo zaharrak eta balore tradizionalak errepikatzeko tendentzia nabaria dagoela argitu du, gainera, eta honek oztopatu egiten dituela burutzen ari diren aldaketa sozialak. Hala ere, komunikabideek aldaketa horiek islatzeko eta gai sozial bilakatzeko duten gaitasuna azpimarratzen du, genero indarkeriarekin egin duten moduan.

Indarkeria mota hori izan da, hain zuzen ere, Marcela Lagarderen hitzaldiaren muina, bere herrialdean, Mexikon, emakumeek jasaten duten indarkeria matxistaren konplexutasuna eta zabalera azaldu baititu. Antropologoak Mexikoko gobernuko diputatu bezala izandako esperientziatik hitz egin du eta, Ganberako kide izanik, emakumeen hilketak “feminicidio” bezala izendatzeko eta legeak hilketa hauek erregulatzeko egindako esfortzuak azaldu ditu. Hitzaldian zehar plazaratutako datu eta ikerketa-emaitzekin ikusarazi du, hain ezaguna den Ciudad Juarezen zentratuta eta zerbait bereizia bezala aurkezten diren hilketak, errealitate arrunta, egunerokoa eta Mexikoko Errepublikako estatu guztietan onartua dela. Azpimarratu egin du, gainera, “feminicidio” horien oinarriak gizartean bertan aurkitzen direla, eta sakonki errotuta eta onartuta daudela kasu askotan. Egoera estruktural jakin bat, gizonezkoaren ikuspuntuan zentratutako gizartea eta Estatuaren eta gainontzeko instituzio politikoen pasibotasuna izango lirateke, bere hitzetan, hilketen euskarriak. Gainontzeko mahaikideen antzera, antropologiak indarkeria eta emakumeen egoerari kontra egiteko duen konpromisoa aldarrikatu du aditu mexikarrak, hori baita errealitate hauek posible egiten dituzten oinarriak identifikatu eta horiei aurre egiteko bidea.

MEDIKUNTZAREN ANTROPOLOGIA
Eguneko programak aipagarria da, baita ere, Antropología de la medicina, metodologías e interdisciplinariedad: de las teorías a las prácticas académicas y profesionales izenburudun sinposioa. Bertan parte hartu duten 13 antropologoek oso gai ezberdinak landu dituzte, osasun arreta, nork bere burua zauritzea, anorexia edota Argentinako ama gazteei zuzendutako osasun sexuala eta ugalketari dagokiona, adibidez. Denek azpimarratu dute, ordea, diziplinartekotasunak osasunaren, gaixotasunen eta atentzioaren arloan duen inplikazioa eta etnografiak gizarte eta osasun ikerketan jokatzen duen papera

© 2006 Ankulegi / Ankulegi Antropologia Elkartea · Apartado de correos 1.697 E-20080 Donostia - San Sebastian
AAA  | xhtml  | CSS